Zer da?

BIDEA MARRAZTERA GOAZ!

XXI. mendeko Donostia euskaldun!

BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, euskaldunok Donostian euskaraz natural bizi ahal izatea izan du eta du helburu. Eta aurrera bidean, Donostiako euskaltzale -guztiekin- nahi genuke gure ahalegina ere partekatu, ditugun hutsuneak hobeto identifikatzeko, lehentasunak zehazteko, hausnartzeko gure indar guneak nola hobeto baliatu … Aldi berean, Donostiako komunitate euskaltzalea, eta oso bereziki, Donostian jadaneko gure egunerokoan, gure lanean… euskaraz eta euskararen inguruan bizi garen euskaltzale ugariak areago trinkotu nahian, gero eta ikusgarriago bihurtu gaitezen Donostiako gizartean.

Asmo horretan, hausnarketa bide eta garai bateratua zabaldu nahi izan dugu, Donostiako era, joera eta ikuspuntu guztietako euskaltzaleak pixkanaka berrantolatzen hasteko.

Abiapuntu, 6 elkargune-saio berezi izango dituen ziklo bat prestatu dugu, geure artean “ideia ekaitzak” sortzeko, bide emateko, ideia horiek elkar trukatzeko, aztertzeko, eztabaidatzeko… Azkenean denon artean marrazten joan ahal izateko Donostiako euskaldunon ikusgarritasunaren alde abiatu genitzakeen ekimen desberdinak aurrerantzean.

6 saioek hausnarketa irekikoak izan nahi lukete, eta saio bakoitzaren ondorenean, bertan aipatu, landu, eztabaidatutako ideia eta puntuak bilduko genituzke gero berriro guztioi helarazteko eta  osatzen joan daitezen. Ondorenera beste saioa bat aurreikusi liteke hausnarketa orokorrekoa, gero BAGERAren inguruan-edo antolatzen garenon indarrak neurtuz, handik aurrera gure trinkotze bideak abiatzeko…, edota bestela erabaki genezakeen guztia ere.

Saioak binaka banatu ditugu 3 txandatan. Bika saio erreskadan egingo genituzke segidako bi astetan, eta ondoren tarte luzexeagoa utziaz beste bi saioko txanda bat beste bi astetan erreskadan. Zikloa martxoan hasiko dugu eta maiatzean amaitu, gero gerokoak.

Donostiako San Telmo Museoan bilduko gara arratsaldeko 19:00etan hasi eta 21:00ak arte.

Saio bakoitzaren hasierak, BAGERAko arduradunen batez gain, abiatzaile, dinamizatzaile, zirikatzaile, ‘aditu edo aritu’ bat izango du, lehen 35-45 minutuetan bere ikuspuntu guztiz librea azaltzeko bere esperientzia eta eskarmentu propiotik abiatuta ondoko galderetara inguratzen saiatuz:

 –          Zure ikuspuntutik, zer behar dugu / behar genuke XXI. mendean Donostia euskaldun izateko?

–          Nola bihurtu gaitezke euskaldunak ikusgarri eta erakargarri Donostian?

–          Zer egin dezakegu, nola antolatu beharko genuke donostiar euskaltzaleok bide horretan?

Utzi iruzkina